XAKEKO TALDEKAKO LURRALDEARTEKO EUSKAL LIGA – 2012.

 

 

 

OHOREZKO MAILA.

 

 

 

         GROS: HAMARGARREN TITULUA LORTU ZUEN.

 

            Ustekabea gertatu da aurten Euskal Ligan. Sestao eta Grosen arteko lehia  aurreikusten zen eta azkenean Sestao garaile izatea. Baina ez zen gertatu.

 

            Elo gehiago zuten Sestaoko jokalariek, nahiz eta Grosekoak makalak ez izan. Hala ere, Liga ia osoan aurretik ibili ziren Grosekoak. Hori bai, momentu puntualetan laguntza garrantzitsuak izan zituzten. Ruslan Ponomariovek, adibidez, Sestaoren aurka eta azken txandan jokatu zuen. 1’5 puntu soilik lortzeko, baina erabakigarria izan zen. Loek Van Wely ere aritu zen behin, Sestaoren aurka, eta irabazi ere egin zuen.

 

            Ruslan Ponomariov (2.723): 1’5 puntu 2 partidatan (% 75).

            Loek Van Wely (2.686): Puntu bat partida batean (% 100).

            Cristian Bauer (2.641): 0’5 puntu partida batean (% 50).

            Hicham Hamdouchi (2.606): 1’5 puntu 2 partidatan (% 75).

            Alejandro Franco Alonso (2.454): 7 puntu 9 partidatan (% 77’78).

            Santiago Gonzalez De la Torre (2.431): 6’5 puntu 9 partidatan (% 72’22).

            Patrice Etchegaray (2.420): 5 puntu 5 partidatan (% 100).

            Iñigo Argandoña Riveiro (2.387): 5’5 puntu 6 partidatan (% 91’67).

            Iñigo Martin Alvarez (2.262): Puntu bat partida batean (% 100).

 

            Bigarren txandan, Santiago Gonzalez De la Torrek Zuri Baltzako Juan M. Salineroren aurka galdu zuen.

 

            Hirugarren txandan Alejandro Francok beltzekin berdindu zuen Batallako Juan Ignacio Alonso Arbururen aurka.

 

            Laugarren txandan Cristian Bauerrek huts egin zuen bere partida bakarrean. Orvinako Iñaki Reboleren aurka berdindu zuen.

 

            Bosgarren txandan Ruta de Europaren aurka puntu eta erdia utzi zituen Grosek. Iñigo Argandoñak berdinketa egin zuen Isidro Geteren aurka. Hicham Hamdouchik Alejandro Ruiz Gomezekin beste hainbeste egin zuen. Alejandro Francok berdinketa egin zuen Jesus Iruzubietaren kontra, baina hau ustekabeen zakuan ezin da sartu.

 

            Seigarren txandan Alejandro Francok San Viatorko David Astasioren aurka berdinketa egin zuen. Huts handiagoa izan zen Santiago Gonzalez De la Torrerena: Berdinketa, baina aurrean Alvaro Perez De Miguel.

 

            Zazpigarren txandarako berdinduta zegoen Sestaorekin. Haien arteko lehiaren aurretik, bi taldeen hutsak berdinak ziren. Santiago Gonzalez De la Torrek galdu zuen Alfonso Romeroren aurka. Txapelketa osoan Grosek galdutako 2 partidak Santiago Gonzalez De la Torrena izan ziren. Loek Van Welyk ederki berdindu zuen hori, Andrei Istratescu gaindituta. Lehenengo mahaian oso goi mailako partida jokatu zen. Azkenean Ruslan Ponomariovek eta Maxime Vachier-Lagravek berdindu zuten. Hirugarren mahaian jokatu zen Euskal Liga erabakiko zuen lehia. 2.534ko Gabriel Del Riok  2.454ko Alejandro Francoren aurka galdu zuen. Loek Van Welyk eta Alejandro Francok tituluaren bidean jarri zuten Gros.

 

            Zortzigarren txandan Alejandro Francok puntu erdia utzi zuen Easoko Elvis Hernandezen aurka. Baina opari gehiagorik ez. Puntu erdiko abantailaz, Grosek Sestao erraldoia gainditu zuen azkeneko sailkapenean.

 

            Patrice Etchegaray eta Iñigo Argandoñaren lan onak ere erabakigarriak izan ziren.

 

         SESTAO NATURGAS ENERGIA A: ISTRATESCU, MARIO GOMEZ ETA GABRIEL DEL RIOREN HUTSAK ERABAKIGARRI.

 

            Maxime Vachier-Lagrave (2.710): 0’5 puntu partida batean (% 50).

            Andrei Istratescu (2.627): 1’5 puntu 4 partidatan (% 37’50).

            Edouard Romain (2.621): 2’5 puntu 3 partidatan (% 83’33).

            Stuart Conquest (2.521): 4’5 puntu 5 partidatan (% 90).

            Gabriel Del Rio De Angelis (2.534): 6’5 puntu 8 partidatan (% 81’25).

            Alfonso Romero Holmes (2.488): 6’5 puntu 7 partidatan (% 92’86).

            Juan Mario Gomez Esteban (2.488): 6 puntu 7 partidatan (% 85’71).

            Axel Delorme (2.443): Puntu bat partida batean (% 100).

 

            Sestao A taldeak huts egin du aurten. Bere jokalariek Grosekoak baino elo gehiago zuten, baina, hala ere, ez ziren gauza izan hirugarren aldiz titulua errepikatzeko.

 

            Argitu beharra dago, hori bai, elo alde hori ez zela oso handia. Beraz, pronostikoa ez zen bete, baina benetako ustekabe handia izanen zena zen hirugarren talde batek titulua irabaztea.

 

            Bigarren txandan iritsi ziren Sestaoren lehenengo hutsak. Ruta de Europa A taldearen aurka Andrei Istratescuk eta Gabriel del Riok berdinketa besterik ez zuten eskuratu. Aurrean Alejandro Ruiz Gomez eta Jesus Iruzubieta xakelari onak, baina Sestaokoak ziren faborito.

 

            Hirugarren txandan, berriz makal ibili ziren Sestaokoak. Andrei Istratescuk galdu egin zuen David Astasioren aurka. Egia erran, arabarrak izugarrizko txapelketa egin zuen. Alfonso Romerok ere puntu erdia utzi zuen Alvaro Perez De Miguelen aurka.

 

            Bosgarren txandan, Easoren aurka garbi geratu zen aurten Sestao ez zegoela fin. 2.621eko Romain Edouardek berdinketa egin zuen 2.490eko Eric Prieren aurka. 2.488ko Mario Gomezek galdu egin zuen 1.973ko Cesar Montolio Benedictoren aurka. Txapelketa osoan Mario Gomezek galdutako puntu bakarra. Hala ere, barkaezina dirudi, elo aldea kontutan hartuta. Azkeneko sailkapenean ondorioa ez zen batere samurra izan.

 

            Sestao – Gros lehiara berdinduta iritsi ziren bi taldeak, aurreko txandan, seigarrenean, Stuart Conquestek berdinketa egin zuelako Conteneoko Mikel Huergaren aurka. Dena den, emaitza hau normaltasunaren barruan sartzen da.

 

            Dena konpon zezakeen Sestaok lehia horretan baina ez zen hala izan. Sestaoko Alfonso Romero eta Groseko Loek Van Wely zertxobait hobeak ziren Groseko Santiago Gonzalez De la Torre eta Sestaoko Andrei Istratescuren aurrean. Faboritoek irabazi zuten. Groseko Ruslan Ponomariov eta Sestaoko Maxime Vachier-Lagraveren arteko partida oso orekatua agertzen zen. Berdinketa egin zuten. Sestaoko Gabriel Del Riok, ordea, huts egin zuen Alejandro Francoren aurrean, eloko 80 puntu gehiago edukita ere.

 

            Alferrik izan zen azkeneko bi lehiak 4-0 irabaztea, Grosek bidean puntu edia besterik ez zuelako utzi.

 

            Istratescuk bi aldiz galdu zuen, Mario Gomezek izugarrizko hutsa egin zuen Cesar Montolorioren aurka eta Gabriel Del Riok partida erabakigarria galdu zuen Groseko Alejandro Francoren aurka. Horra hor Sestaoren porrotaren gakoak.

 

         RUTA DE EUROPA A: OZTA-OZTA BAINA BERRIZ HIRUGARREN.

 

            Alejandro Ruiz Gomez (2.413): 3’5 puntu 9 partidatan (% 38’89).

            Jesus Iruzubieta Villaluenga (2.391): 7 puntu 9 partidatan (% 77’78).

            Cristobal Limares Guiance (2.225): 4’5 puntu 9 partidatan (% 50).

            Isidro Gete Rodriguez (2.146): 5’5 puntu 9 partidatan (% 61’11).

 

            Ia beti bezala 4 jokalarik soilik osatu zuten taldea eta ia beti bezala hirugarren bukatu zuen.

 

            Ozta-ozta izan zen aurtengo hirugarren postua, San Viator oso ondo ibili zelako eta Batallaren aurka zazpigarren txandan porrot handia jaso zuelako (0’5-3’5).

 

            Alejandro Ruiz Gomez bere mailatik behera aritu zen, baina Jesus Iruzubietak izugarri ongi puntuatu zuen bigarren mahaian. Cristobal Limeresek puntuen % 50ekin etsi behar izan zuen, baina Isidro Gete jokalari “ahula”-k % 61’11a eginda salbatu zuen taldea.

 

            Ruta de Europak hirugarren postua lortzeko bere oinarria izan ziren Gros eta Sestaoren aurka eskuratutako puntuak (2’5) eta San Viator eta Conteneoren aurka lortutako garaipenak (2’5-1’5 neurketa horietan).

 

         SAN VIATOR: DAVID ASTASIO, MESSI MODURA.

 

            David Astasioren txapelketa izan zen: Ruta de Europako Alejandro Ruizi irabazi, Altzagako Jon Angulori ere bai, Sestaoko Andrei Istratescuri ere, Easoko Elvis Hernandezi ere bai, Conteneoko Mikel Huergarekin berdindu, Groseko Alejandro Francorekin ere bai, Zuri Baltzako Paulo Alberdiri irabazi, Batallako Juan Ignacio Alonsori ere bai eta Orvinako Iñaki Rebolerekin beste hainbeste. 9tik 8 puntu lehenengo mahaian (% 88’89). Gorantzko betirako jauzia eman ote du?

 

            Alvaro Perez De Miguel ere ongi ibili zen (bi berdinketa erdietsi zituen Gros eta Sestao Aren aurka).

 

            Azkenean, hirugarren postutik puntu erdira geratu zen San Viator, baina oso txapelketa ona eginda.

 

BATALLA: SAILKAPENEAN EROSO.

 

Irungo Batalla taldea txukun aritu zen, distira berezirik gabe. Hori bai, 0’5-3’5 irabazi zion Ruta de Europari. Horri esker, bosgarren postu erosoa lortu zuen, Bilboko Conteneo indartsuaren aurretik.

 

CONTENEO: ARAZORIK GABE, BAINA HIRUGARREN POSTUTIK URRUTI.

 

Rafael Alvarez Nazioarteko Maisuaren ekarpena noizbehinkakoa izan zen eta Pia Cramling-en fitxaketa azken ordukoa. Beraz, Mikel Huergak bere gain hartu behar izan zuen taldea, 2.259ko Carlos Varas Gonzalezekin batera. 5’5 puntu lortu zituen Nazioarteko Maisu nafarrak lehenengo mahaian (% 61’11). Beste jokalarien ekarpenekin, jaisteko arriskurik gabe ibili zen, baina azkenean seigarren postuak gutxitxo ematen du.

 

ZURI BALTZA: AZKENEKO TXANDAREN ARTE SALBAZIOAREN ZAIN.

 

Bilboko Zuri Baltza taldeak ezagutzen du egoera hori. Beraz, hasieran puntuak batzen aritu zen, garai zailagoen zain. Ruta de Europa Ak eta Sestao Ak betiko arriskura eraman zuten, 4-0 garaituta seigarren eta zortzigarren txandetan.

 

Azkeneko txandan, Easo aurkari zuzena 1-3 gainditu zuen, azkenean 2’5 puntu soberan izateko. Altzaga azken sailkatuari ere etekina atera zion (3’5-0’5 hirugarren txandan).

 

Sari moduan, zazpigarren postua, Orvina A ere atzetik utzita.

 

ORVINA A: UNAI GARBISUREN ITZALPEAN.

 

Orvina Ak bere jokalaririk onenak jartzeko bere betiko arazoekin segitu zuen. Horrexegatik, burutik baino jasieratik gertuago ibili zen. Unai Garbisu Nazioarteko Maisuaren indarrean oinarritu zuen bere jarduna (% 75 lehenengo mahaian). Gainontzekoek tantaka lortu zituzten puntuak. Zuri Baltzari eta Altzagari 3-1 irabazita ziurtatu zuen mailari eustea (zortzigarren postuan, maila ematen duen azkenekoan).

 

         EASO: EZ ZUEN IAZKO MIRARIA ERREPIKATZERIK IZAN.

 

            Easoren jardunak gauza onak eta txarrak tartekatu zituen. 1’5 puntu atera zizkion Sestao A taldeari eta 2’5-1’5 gainditu zuen Orvina A. Hala ere, azkeneko hiru txandetan 2 puntu besterik ez zuen batu eta horrek kondenatu zuen (batez ere Zuri Baltzaren aurka 1-3 galduta).

 

ALTZAGA: JAISTEKO POSTUETAN HASIERATIK.

 

            Leioako taldea hasieratik jaisteko postuetan ibili zen. Hala ere, ahal zuen moduan, puntuak pilatuz joan zen eta azkeneko txandara maila mantentzeko aukera nimiñoarekin iritsi zen. 1’5 puntu egin zizkion Ruta de Europa A taldeari, baina ez zen nahikoa izan. 0-4rekin mailari eutsiko zion, baina gehiegi eskatzea zen.

 

            2012-03-24.

 

                Iturria: Euskal Xake Federakuntza.